Albisteak ikusi

Eusko Jaurlaritzak IBM Quantum System Two industria eta erakunde publikoen eskura jarri du, berrikuntza- eta ezagutza-transferentziako proiektu berriak bultzatzeko

Uztaila 06, 2026

Sarbide-protokoloari esker, EAEko industriak eta erakunde publikoek IBM Quantum System Two sistema eta IBMk hodeian eskaintzen dituen backend kuantikoak erabili ahal izango dituzte. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Mikel Jauregi Letamendia sailburuek aurkeztu dute gaur BasQ aliantzak kudeatuko duen protokoloa.

Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du bere estrategia kuantikoa garapenean, konputazio kuantikoko azpiegitura industria eta sektore publikoko erakundeen eskura jarriz. Irekiera hori Basque Quantum (BasQ) aliantzak gidatutako sarbide-protokolo baten bidez gauzatuko da. Protokolo horrek modu antolatu eta gardenean arautuko du Donostian instalatutako IBM Quantum System Two sistemaren gaitasun kuantikoen erabilera, baita IBM Quantum plataformaren bidez hodeian eskuragarri dauden backend kuantikoena ere.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Mikel Jauregi Letamendia Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Javier Aizpurua BasQko zuzendari zientifikoak aurkeztu diete protokoloa enpresetako eta erakunde publikoetako ordezkariei.

Aurkezpena Donostiako Ikerbasque eraikinean egin da, IBM Quantum System Two sistemaren egoitzan. Bertan izan dira, halaber, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea eta Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea.

Protokoloaren helburua da industriak eta erakunde publikoek konputazio kuantikoaren erabilera-kasuak aztertu eta garatu ahal izatea, industria-, gizarte- eta ekonomia-potentzial handiko aplikazioak sustatuz. Era berean, ezagutza eta teknologiaren transferentzia indartu, berrikuntza disruptiboa bultzatu eta Euskadi Europako zein munduko erreferentziazko eskualde kuantikoetako bat izatea sendotu nahi da.

Pérez Iglesias sailburuak nabarmendu duenez, «berrikitan onartutako Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP) eta Berrikuntzaren Itsasargien estrategiarekin bat datorren protokolo honen bidez, Euskadiko ordenagailu kuantikoan erabilera-kasuak garatuko dituzten eragileen sarea handitu egiten dugu, bai kopuruari bai izaerari dagokienez. BasQk eragile berri horiei lagunduko die bere sareko bazkide zientifiko eta teknologiko egokienak aurkitzen, proiektuak garatzeko».

Bestalde, Jauregi sailburuak adierazi duenez, «industria-iraultza berri honen aurrean, System Tworen teknologia kuantikoak gure industria abangoardian kokatzeko aukera ematen du. Euskadik azken belaunaldiko azpiegitura kuantikoaren aldeko apustua egin du, eta orain euskal industriaren txanda da gaitasun horiek baliatzea berritzeko, lehiakorrago izateko eta hurrengo mailara jauzi egiteko».

BasQko zuzendari zientifikoaren ustez, protokolo hau ezartzea mugarri berria da BasQ estrategiaren garapenean. Haren hitzetan, «azken belaunaldiko konputazio kuantikoko teknologietarako sarbide pribilegiatua eskaintzeaz gain, ekimenak prestakuntza espezializatua eta gaitasunak garatzeko laguntza emango ditu, eta enpresak erreferentziazko ikerketa-taldeekin harremanetan jarriko ditu lankidetza-proiektuak sustatzeko. Horrela, BasQk ez dio soilik konputazio kuantiko aurreratuena euskal industria-sareari hurbiltzen; haren lehiakortasuna ere indartzen du, lankidetzan oinarritutako berrikuntza-ekosistema sendotuz».

Konputazio kuantikoa berrikuntza aplikatuaren zerbitzura

Azpiegitura honen irekierarekin, orain arte ikerketara eta prestakuntzara mugatutako erabilera-esparrua zabaldu egingo da. Izan ere, industriak eta erakunde publikoek konputazio kuantikoaren erabilera-kasuak garatu eta baliozkotu ahal izango dituzte optimizazioan, simulazioan, ikaskuntza automatiko kuantikoan edo kriptografian, besteak beste. Horretarako, logistika, finantzak, garraioa, material berrien diseinua edo zibererasoekiko erresistenteak diren sistemak bezalako erronkei erantzuteko algoritmoak diseinatuko dira.

Sarbidean lehentasuna izango dute Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030), Euskadi 2030 Industria Planaren eta Euskadi 2030 Osasun Planaren helburu estrategikoekin bat datozen proiektuek. Gainera, euskal sistemarentzat itzulera argia izan beharko dute, hala nola emaitzen zabalkundea, prestakuntza-jardueretan parte hartzea, ikaskuntza metodologikoak partekatzea edo interes publikoko erabilera-kasu berriak definitzen laguntzea.

Euskadi 2030 Industria Planeko Eraldaketa Proiektuak, berrikuntza-maila handia dutenez, hautagai ezin hobeak dira teknologia kuantikoarekin esperimentatzeko, erronka konplexuei aurre egiteko eta negozio-aukera berriak sortzeko. Industria-proiektuak lehenesteko garaian, Eusko Jaurlaritzak foru-aldundiekin lankidetzan jardungo du. Era berean, BasQk startup-en sorrera eta garapena sustatuko du, industriaren esperimentazio eta ikaskuntza kuantikoa bizkortzeko.

Azpiegitura hau irekitzeak aukera emango die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriari eta erakunde publikoei konputazio kuantikoaren aplikazio praktikoan aurrera egiteko, barne-gaitasunak azkarrago garatzeko eta hazkunde betean dagoen euskal ekosistema kuantikoarekin lotura estuagoa izateko. Ekosistema horrek bikaintasunezko zientzia, azpiegitura bereziak, gaitasunak indartzeko programak eta gero eta zabalagoa den eragile zientifiko, teknologiko, enpresarial eta publikoen sarea uztartzen ditu.

Protokoloak hainbat sarbide-modalitate aurreikusten ditu, eskatzailearen profilaren eta Euskadirekin duen loturaren arabera. Lehentasuna izango dute lurraldean sustraitutako industriak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek. Kasu guztietan, sarbidea BasQrekin lankidetza-harreman baten barruan ulertzen da; horregatik, parte hartzen duten eragileek ekosistemari egingo dioten ekarpenaren araberako konpromisoak hartu beharko dituzte.

Eskabideak access@basquequantum.eus helbidera bidali beharko dira, eta honako irizpide tekniko eta estrategiko hauen arabera ebaluatuko dira: eskatzailearen izaera (startup-a, ZTBESeko I+G+b unitatea, industria-eragile traktorea, erakunde publikoa eta abar); ekarpen zientifiko-teknologikoa, enpresariala, industriala edo antolakuntza publikoari dagokiona; eta proposatutako erabilera-kasuaren bideragarritasun teknikoa. Behin onartuta, sarbidea Ikerbasquerekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez formalizatuko da. Ikerbasque da azpiegituraren kudeaketaren arduraduna.