Albisteak ikusi

BasQ-k eta IBM-k Road to Practitioner programa sendotu dute, konputazio kuantikoaren arloan ia 200 pertsona prestatuta

Azaroa 26, 2026

50 pertsona baino gehiagok arrakastaz amaitu dute Road to Practitioner (R2P) programaren hirugarren edizioa, BasQ-ek IBM-rekin lankidetzan sustatutako konputazio kuantikoaren arloko erreferentziazko prestakuntza-ekimena. Laster emango da laugarren edizioaren berri.

R2P_FinalCeremony

50 pertsona baino gehiagok arrakastaz amaitu dute BasQ-k IBM-rekin lankidetzan sustatutako Road to Practitioner (R2P) programaren hirugarren edizioa. Hiru edizioetan ia 200 pertsona prestatu dira konputazio kuantikoaren arloan, eta programa ekimen estrategiko gisa sendotu da talentua garatzeko eta Euskadiko ekosistema zientifiko, teknologiko eta industrialeko eragileak gaitzeko.

Irailaren 8an Bilboko Iberdrola Dorrean abiatutako programaren helburua da parte-hartzaileei Euskadin hedatutako azpiegitura kuantikoa modu eraginkorrean erabiltzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak eskaintzea, konputazio kuantikoaren oinarrietatik aplikazio praktikorako urratsa erraztuz.

Hiru hilabetez, parte-hartzaileek algoritmo kuantikoei eta horien aplikazioei buruzko ezagutzak sakondu dituzte, baita zirkuituak optimizatzeko eta erroreak arintzeko Qiskiten tresna aurreratuen erabileran ere.

Ezagutzatik konputazio kuantikoaren aplikazio praktikora

Donostiako Materialen Fisika Zentroak (CFM) hartu du hirugarren edizioaren amaierako jardunaldia. Topaketa programaren emaitzak partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta konputazio kuantikoaren aplikazio-aukera berriak aztertzeko gunea izan da.

Road to Practitioner programaren ezaugarri bereizgarrietako bat ikuspegi praktikoa da. Ibilbidearen amaieran, parte-hartzaileek taldean garatzen dute amaierako proiektu bat (Capstone Project), prestakuntza-ibilbidean eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak praktikan jartzeko.

Jardunaldian, lantaldeek garatutako proiektuetako hiru aurkeztu dira, parte-hartzaileek ikasitakoa eta algoritmo eta tresna kuantikoen bidez konputazio-erronkei aurre egiteko duten gaitasuna agerian utziz.

Topaketan, hainbat esparru zientifiko eta teknologikotan konputazio kuantikoak dituen aplikazioei buruzko saioak ere egin dira, eta jardunaldia Donostian dagoen BasQ IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikorako bisita gidatuarekin amaitu da.

Aniztasuna eta lankidetza, ikaskuntzaren eragile

Gaitasun teknikoak eskuratzeaz harago, Road to Practitioner programaren balio nagusietako bat biltzen dituen profilen aniztasuna da: ikasleak, ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak eta enpresa zein zentro teknologikoetako profesionalak. Aniztasun horrek elkarlanean oinarritutako ikaskuntza eta talde-proiektuen garapena aberastu ditu, ezagutzak eta esperientziak trukatzea, esparru zientifiko-teknologikoaren eta enpresa-arloaren arteko lotura sustatzea eta euskal ekosistema kuantikoa sendotzea ahalbidetuz.

Testuinguru horretan, aipatzekoa da BasQ Advocates komunitateko kideen ekarpena. IBM-ko adituekin batera, funtsezko zeregina izan dute programaren garapenean, saio praktikoak gidatuz, mentoretza lanak eginez eta parte-hartzaileei ikaskuntza-prozesuan lagunduz.

Jarraipena izateko bokazioa duen prestakuntza-ibilbidea

Road to Practitioner programa amaitzea abiapuntua da konputazio kuantikoaren arloan aurrera egiten jarraitzeko. Ildo horretan, amaierako jardunaldiak R2P Alumni komunitateak eskaintzen dituen aukerak aurkezteko ere balio izan du. Komunitate hori gaitasunak garatzen jarraitzeko, ezagutzak partekatzeko eta parte-hartzaileen arteko lankidetza sustatzeko gune gisa sortu da.

Hiru edizioetan ia 200 pertsona prestatuta, Road to Practitioner programak konputazio kuantikoaren arloan ezagutzak eta gaitasunak dituzten profesionalen masa kritikoa sortzen laguntzen du, Euskadin eskuragarri dauden azpiegitura kuantikoen aprobetxamendua sustatuz eta teknologia hori ikerketa, garapen teknologiko eta enpresa-berrikuntzako proiektuetan pixkanaka txertatzea erraztuz.

BasQ-k eta IBM-k laster emango dute Road to Practitioner programaren laugarren edizioaren berri, konputazio kuantikoaren arloko gaitasunak garatu nahi dituzten euskal ekosistema zientifiko, teknologiko eta industrialeko eragileei prestakuntza-aukera berri bat eskainiz.