Pérez Iglesiasek Europako eskualdeak BasQ estrategian kolaboratzera gonbidatu ditu EBren subiranotasun teknologikoa indartzeko
Otsaila 11, 2026Leaders Meeting- Fit for the Future ekimenaren esparruan, Europako 14 eskualde industrialetako ordezkariek Basque Quantum estrategia ezagutu dute. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak nabarmendu du egungo testuinguru globala, "mehatxuak mehatxu", aukera bat dela berrikuntza disruptiboarekin konprometitutako lurraldeentzat.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Leaders Meeting - Fit for the Future ekimenean parte hartu du eta Europako 14 eskualdetako ordezkaritza instituzionalak hartu ditu aste honetan Donostian Ikerbasque eraikinean. Sailburuak Basque Quantum teknologia kuantikoen euskal estrategia aurkeztu du, eta eskualdeen arteko lankidetzarako bideak ireki ditu.
Europako ordezkaritzak potentzial berritzaile eta ekonomiko handia duten 14 eskualde industrial barne hartzen ditu, Euskal Autonomi Erkidegoaz gain, Flanders, Wallonie, Hauts-de-France, Grand Est, Nafarroa, Upper Austria, Katalunia, Lombardia, Saxony, Baden-Württemberg, West Pomerania, Emilia-Romagna eta Auvergne Rhone Alpes.
Topaketan Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak eta Mikel Díez IBM Espainiako Konputazio Kuantikoko zuzendariak ere parte hartu dute.
Sailburuak, bere hitzaldian, berrikuntzak eta lankidetzak egungo eta etorkizuneko erronka teknologikoei aurre egiteko duten garrantzia azpimarratu du. "Europak subiranotasun estrategikoa emango digun gaitasun teknologikoa garatu behar du, eta ahalegin horretan eskualdeek funtsezko zeregina dute. Eusko Jaurlaritzak ahaleginak areagotu ditu abangoardiako zientzian oinarritutako berrikuntza disruptiboa sustatzeko", azpimarratu du.
Ildo horretan, azaldu du Eusko Jaurlaritzak berrikuntza- eta zientzia-politika birdiseinatu berri duela, eta bere estrategia hamar espezializazio-arlotan zentratu duela; horien artean, teknologia kuantikoak nabarmentzen dira, Basque Quantum (BasQ) estrategiaren bidez. Proiektu horren helburua Euskadi zientzia eta teknologia kuantikoetan Europako erreferente bihurtzea da, bere inpaktua barne zein nazioarte mailan proiektatuz.
Sailburuak zehaztu du BasQ-k bi ildo osagarri jarraitzen dituela. Alde batetik, IBM Quantum System Two-ren gaitasunak ematen dizkio ikerketa-komunitateari, eta laster enpresa-komunitateari. Bestetik, Quantum Motion enpresarekin lankidetzan, silizioan oinarritutako txip kuantikoak ekoizteko ikerketa- eta berrikuntza-ildo bat gehitzen du. Perez Iglesiasek adierazi duenez, bi ildo horien helburua Euskaditik "Europako subiranotasun teknologiko desiratua" lortzen laguntzea da.
Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak aliantza estrategikoak ezartzeko duen borondatea azpimarratu du. "Lankidetza-espirituak BasQ estrategia blaitzen du”, adierazi du sailburuak, eta Europako ordezkariei "gonbidapen esplizitu eta irmoa” luzatu die Euskadirekin BasQ estrategian kolaboratzeko.
Egungo egoeraren azterketan, Pérez Iglesiasek une globalaren konplexutasuna aipatu du, "garai interesgarriei" buruzko adierazpena eta ezegonkortasun-konnotazioa aipatuz. Sailburuak aitortu du "garai nahasiak eta mehatxuzkoak" bizi direla, baina zehaztu du egoera hori "aukeraz betetako garaia" dela "berrikuntza disruptiboarekin eta lidergo teknologikoarekin konprometitutako herrialde eta eskualdeentzat".
“Gaitasun teknologikoa osagai estrategikoa”
Bestalde, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusi Ander Caballerok Europak subiranotasun estrategiko baterantz aurrera egiteko premiaren barruan kokatu du bisita. Caballerok ohartarazi du "une erabakigarri" batean gaudela, non ziurgabetasun geopolitikoa eta lehia teknologikoa Europako lehentasunak birdefinitzen ari diren.
"Gaitasun teknologikoa elementu estrategikoa bihurtu da", adierazi du idazkari nagusiak, lurraldeek prozesu horretan duten funtsezko zeregina azpimarratuz. Caballeroren arabera, eskualdeek politikak aplikatzeaz gain, modu aktiboan laguntzen dute Europako autonomia diseinatzen, aliantza publiko-pribatuen bidez. "Euskadik EBren subiranotasun estrategikoan lagundu nahi du, industria-lehiakortasuna indartu eta berrikuntza bultzatu", gaineratu du.
Era berean, IBM Espainiako Konputazio Kuantikoko zuzendari Mikel Díezek azpimarratu du BasQ "ekimenak Teknologia Kuantikoen garapena eta aplikazioa gidatzeko aukera ematen duela, Euskadi mundu mailako erreferente gisa kokatuz. BasQ eta IBM urrats handiak ematen ari dira punta-puntako konputazio kuantikoko teknologia erabiliz, eskalan aplikatzeko eta industriara eta gizartera transferitzeko bidea definituz".
"Eta teknologia kuantikoarekin erlazionatu nahi baduzu, zientzia eta ikerketa maite badituzu, edo oinarri teknologikoko start-up-a ordezkatzen baduzu, munduan leku gutxi daude Euskadin baino egokiagoak", gaineratu du Diezek.
Azkenik, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak nabarmendu duenez, zientzia eta teknologia kuantikoaren esparrua "azkar ari da aurrera egiten, eta horren eragina dagoeneko errealitate bat da esparru zientifikoan, eta enpresa- eta industria-arloan gertatzen hasi da. Abantaila kuantikoa errealitate bat da".
Gaur goizeko topaketa Leaders Meeting ekimenaren agendan kokatzen da. Foro horrek industria-ahalmen handia duten lurraldeak bilduko ditu Euskadin bi egun hauetan, lehiakortasunaren eta berrikuntzaren arloko erronka komunei aurre egiteko.