Europako Batzordeko ordezkaritza batek Ikerbasque eraikinean dagoen ordenagailu kuantikoa bisitatu du, Europar Batasunak kofinantzatuta
Otsaila 18, 2026Jardunaldiak balio izan du espezializazio adimenduneko RIS 3 Euskadi 2030 estrategiaren inbertsio enblematikoenetako bat bertatik bertara aurkezteko.
Joan den urrian inauguratu zen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa, Donostiako Ikerbasque eraikinean, eta gaur Europako Batzordeko ordezkaritza baten eta Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiko ordezkarien bisita izan du. Ekitaldia Euskadiko 2021-2027 EGEF Programaren esparruan antolatu da, eta RIS 3 Euskadi 2030 espezializazio adimenduneko estrategiaren inbertsio enblematikoenetako bat tokian bertan aurkezteko balio izan du, baita Europako funtsek Euskadin duten gauzatze maila handia egiaztatzeko ere.
Ordenagailurako bisita Europar Batasunak kofinantzatu du, Europarako Teknologia Estrategikoen Plataformaren (STEP) helburuak betetzen laguntzeko esparruan, eta Vicente Rodríguez, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiko Senior Expert eta Ogasun Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiko Anais Vega eta Pedro Cortegoso izan ditu buru. Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Morais izan da jardunaldiaren anfitrioi, eta Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuorde José Enrique Corchón eta Politika Ekonomikoko eta Europar Kohesioko zuzendari Juan Alberdi ere izan dira bertan. Gipuzkoako Ogasuneko foru diputatuak eta Eusko Jaurlaritzako zientzia eta berrikuntza arloko arduradunek osatu dute ordezkaritza instituzionala.
Basque Quantum estrategiaren zuzendari zientifikoa, Javier Aizpurua, arduratu da bertaratutakoak instalazioetatik gidatzeaz eta aplikatutako teknologia kuantikoen arloko euskal estrategia azaltzeaz, non IBM Quantum System Two funtsezko pieza den. Aizpuruak bere hitzaldian azpimarratu duenez, ordenagailu kuantikoa "funtsezko aktiboa da Europar Batasunaren autonomia estrategikorako eta subiranotasun teknologikorako; ekonomiaren sektore estrategikoak eraldatzeko diseinatutako tresna industriala, sistema konbentzionaletarako kalkulu gaitasun ezinezkoak eskainiz".
Gaurko bisitak garrantzi berezia du konputazio kuantikoaren esparruan subiranotasun teknologikoa lortzeko Europar Batasunaren estrategiaren testuinguruan. Instalazio hori bat dator EuroHPC Erregelamenduak ezarritako lehentasunekin eta European Framework Partnership Agreement Pilot Line ekimenarekin. Ekimen horrek epe luzerako lankidetzak ezartzen ditu teknologia kuantikoak ikerketatik ekoizpen industrialerako trantsizioa bultzatzeko, non Euskadik Basque Quantum estrategiaren bidez laguntzen duen.
BasQ-eko zuzendari zientifiko Javier Aizpuruaren iritziz, “argitalpen hau oso urrats garrantzitsua da Basque Quantum-en hasieratik hasi genuen bidean. CFM-MPCko eta DIPCko ikerketa-taldeek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, IBMrekin lankidetza estuan, eta erakusten du lankidetza horrek aukera ematen digula ikerketa-ildo berriak irekitzeko eta fenomeno kuantiko konplexuak ulertzen aurrera egiteko”.
Programaren martxa ona berresten duen bisita
Ibilbidean zehar, José Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak Europako ordezkarien aurrean azpimarratu duenez, "Euskaditik ulertzen dugu nola eraiki behar dugun Europa; berrikuntzaren aldeko apustua eginez, politika hurbilagoaren, eraginkorragoaren eta kohesionatuagoaren aldeko baterako lanaren indarra sustatuz, herritarren mesedetan".
Jarraian, euskal kudeaketa-ereduari balioa eman nahi izan dio: "Aurreko programa osoa exekutatzeko eta ziurtatzeko dugun gaitasuna erakutsi dugu, baita Covid-19ak markatutako testuinguru batean ere. Hori da Europari eskaintzen dioguna: eraginkortasuna, zorroztasuna eta gardentasuna "
Corchónek gogorarazi du 2025aren amaieran Euskadik EGEF 2021-2027 programaren 58,4 milioi euro zituela ziurtatuta, n+3 arauak eskatzen duen gutxieneko atalasea nabarmen gaindituz. "Horrek bermatzen du inbertitutako euro bakoitza herritarren onerako izatea: prestakuntzan, enpresa txiki eta ertainei laguntzen eta zerbitzu publikoak modernizatzen", gaineratu du.
Sailburuordeak ordezkaritzari azaldu dionez, ordenagailu kuantiko hori ez da berez helburu bat, baizik eta "2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko Berrikuntza Itsasargiekin erabat lerrokatuta dago, horiek eraldaketa teknologiko, digital eta energetikorantz bideratzen baitute gure ekintza".
Halaber, Corchón sailburuordeak Europar Batasuneko agintarien presentzia baliatu du Eusko Jaurlaritzak 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren proposamenaren aurrean duen jarrera berresteko. Euskadik positibotzat jotzen du lehiakortasuna eta berrikuntza ardatz estrategiko gisa jartzea, baina estatu kide bakoitzeko plan nazional bakarra sortzeari uko egiten dio, Batzordearen proposamena sakon berrikusteko eskatzen du, eta euskal erakundeek Europakoekin lankidetzan jarraitzeko konpromiso irmoa dutela berresten du, Europako proiektua indartzeko eta haren funtsezko balioak babesteko. "Bateratze horrek politika bakoitzaren helburu espezifikoak indargabetzen ditu eta, de facto, gizarte- eta lurralde-kohesioa hausten du. Eskualdeko programei eustea defendatzen dugu, dagozkien esleipenekin eta Europako Batzordearekin zuzenean hitz egiteko espazioarekin", ohartarazi du.
Bestalde, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Moraisek nabarmendu duenez, azpiegitura horren funtsezko ekarpena da azken belaunaldiko konputazio kuantikoko zerbitzu eta azpiegituretarako lehentasunezko sarbidea eskaintzea enpresei eta garapen teknologikoan eskumenak dituzten erakunde publikoei. "Horrek guztiak balioko du", azpimarratu du, "proiektuak eta erabilera-kasuak garatzeko plataforma gisa, besteak beste, enpresa-prozesuak optimizatzea ahalbidetuko dutenak, denborak eta kostuak murriztuz, arazo konplexuak modu eraginkorragoan konpontzea ahalbidetuko dutenak eta egungo konputazio-sistema klasikoekin bideragarriak ez diren irtenbide, produktu eta zerbitzu berriak esploratzea erraztuko dutenak".
Ildo horretan, Moraisek azpimarratu duenez, "ordenagailu kuantikoak Euskadiko eta Europako lehiakortasuna indartzen du, erresilientzia eta produktibitatea indartuz. Etorkizuneko gaitasunetan egindako inbertsio estrategikoa da, oinarri ekonomiko, industrial eta teknologikoa trantsizio ekologiko eta digitaletara egokituko dela bermatuko duena, 2030eko Hamarkada Digitalerako EBren Programa Estrategikoaren jomugak eta helburuak lortzen eta teknologia sakonetan berrikuntza bultzatzen laguntzen dutenak barne ".
"Basque Quantum (BasQ) estrategiak Europako eta nazioarteko lidergoa sustatzeko aukera ematen digu, hiru ikuspegitatik: sistema sendoa izatea; teknologiarik aurreratuena izatea; eta berezko zientzia eta teknologia garatzea, burujabetza teknozientifikoa lortzeko bidean kokatzeko", amaitu du.
Gaurko topaketa, gainera, bihar Bilbon egingo den EGEF Programaren 6. Jarraipen Batzordearen atarikoa izan da. Bertan, gastu-aurreikuspenak eta Euskadi Europar Batasunaren barruan berrikuntzaren erreferente gisa sendotzen jarraituko duten proiektu berriak zehatzago aztertuko dira.