Road to Practitioner programaren bigarren edizioaren hasierak Euskadin konputazio kuantikoarekiko interes gero eta handiagoa dagoela erakutsi du.
Otsaila 04, 2026Road to Practitioner (R2P) programa BasQren trebakuntza teoriko-praktikoko programa nagusia da, IBMrekin lankidetzan, eta parte hartzaileei Euskadin hedatutako azpiegitura kuantikoa modu eraginkorrean erabiltzen hasteko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak ematera bideratuta dago. Prestakuntza hori funtsezkoa da Donostiako IBM Quantum System Two sistemaren erabilera aurreratua gaitzeko eta 2026aren amaieran sistemaren erabilera osoa (“full use”) bermatuko duen helburu estrategikoa lortzen laguntzeko. Programaren bigarren edizioan, profil desberdinetako 70 pertsonek hartuko dute parte, hala nola ikasleek, unibertsitateko irakasleek, ikertzaileek eta enpresa arloko profesionalek.
Road to Practitioner (R2P) programa gaur hasi da Bilboko Iberdrola Dorrean, euskal ekosistema kuantikoko agenteak Qiskiten programazioan trebatzeko eta konputazio kuantikoaren eremura modu praktiko eta zorrotzean hurbiltzeko. Saio presentziala hiru hilabetetan zehar garatuko den programa baten inaugurazio ekitaldi gisa erabili da. Programak prestakuntza kontzeptuala, ariketa praktikoak eta Capstone Project bat konbinatuko ditu.
Prestakuntza ibilbide horren bidez, parte hartzaileek konputazio kuantikoaren funtsezko arloetan sakontzeko aukera izango dute, hala nola algoritmia kuantikoan, Quantum Machine Learning-ean, akatsen arintzean eta zirkuitu kuantikoen diseinuan, besteak beste. Ikuspegi hori bereziki garrantzitsua da enpresentzat, izan ere, aukera ematen die konputazio kuantikoaren gaitasunak beraien enpresan faktore diferentzialak bilakatzea erabilera kasu zehatzak identifikatzen, definitzen eta garatzen hasteko eta, horrela, hobekuntza esanguratsuak – eta kasu batzuetan esponentzialak– gaitzea optimizazioan, sistema konplexuen simulazioan edo datuen analisi aurreratuan.
Inaugurazio saioak arrakasta handia izan du, eta IBM Quantumeko adituak izan dira bertan, parte hartzaileei gainbegiratze zein laguntza emateko helburuaz. Horrela, programaren edukiekin eta metodologiarekin lehen harreman zuzena izan dute ikasleek. Jardunaldian, halaber, Basque Quantumeko zuzendari zientifikoak Javier Aizpuruak parte hartu du, zeinak BasQ-ren ikuspegi estrategikoa eta talentuaren trebakuntzak eta garapenak euskal ekosistema kuantikoa sendotzeko betetzen duten zeregina partekatu duen.
Jardunaldiaren beste elementu nabarmenetako bat BasQ Advocatesen ekarpena izan da. Advocates BasQ komunitateko kideak dira, eta zeregin aktiboa dute ezagutzaren hedapenean, talentuaren garapenean eta lurraldeko eragileen arteko lankidetza indartzean. Programan zehar, Advocate horiek lantaldeetako mentoretza lanak egingo dituzte eta asteroko saio praktiko batzuk emateaz ere arduratuko dira.
Aurrez aurreko hasierako saioak, gainera, parte-hartzaileen arteko interakzioa erraztu du, eta, hala, iritziak trukatzea eta kontaktuak ezartzea ahalbideratu du, bai eta lehen zalantzak argitzea ere, IBMko eta BasQ Advocateseko profesionalen hurbiltasunari esker.
Komunitatearen aniztasuna arrakastaren funtsezko faktore gisa
Road to Practitioner-en edizio honen alderdi garrantzitsuenetako bat ordezkatutako profilen aniztasuna da, eta bertan sartzen dira gradu eta master desberdinetako ikasleak, unibertsitateko irakasleak, enpresa arloko profesionalak – Iberdrola, Petronor, Multiverse Computing, Global Data Quantum, Quantum Mads, Quantum Motion, Ayesa, CAF, IDOM edo LKS Next erakundeetakoak besteak beste –, bai eta erreferentziazko zentroetako ikertzaileak ere, hala nola Donostia International Physics Center (DIPC) edo CIC nanoGUNE erakundeetakoak.
Gogo eta jakin-min zientifiko handia izan da BasQk euskal komunitate kuantikoa osatzeko eta sendotzeko egiten duen apustua berresten duen programa estrategikoaren hasierako jardunaldiaren ardatza. Road to Practitioner bezalako ekimenek modu erabakigarrian laguntzen dute Basque Quantumek Euskadiko konputazio kuantikoaren arloko garapen teknologikoaren eta talentuaren motor gisa duen zeregina indartzen.