Albisteak ikusi

Ordenagailu kuantikoa bertatik bertara ezagutzeko aukera, Donostiako Ikerbasque eraikinean

Urria 23, 2026

Zientziaren Astea dela eta, herritarrek Ikerbasqueren eraikina bisitatzeko eta azpiegitura teknologikoaren ezaugarriak ezagutzeko aukera izango dute. Plaza kopurua mugatua izango da. Bisitan, Tabakalerak sortu eta aurretik ikusgai jarritako “Ikuspegi Kuantikoak” erakusketaren zati bat ere ikusi ahal izango da, teknologia kuantikora hurbiltzeko aukera eskaintzen duena. Parte hartu nahi dutenek www.basquequantum.eus webgunearen bidez egin beharko dute eskaera.

Donostia, 2026ko urriak 23. Zientziaren Astea dela eta, eta lehen urteurrena bete eta egun gutxira, IBMren System Two ordenagailu kuantikoa hartzen duten instalazioek ateak irekiko dizkiete herritarrei.

Ikerbasqueren eraikina BasQ –Basque Quantum– estrategiaren egoitza da. Eusko Jaurlaritzak gidatzen du estrategia hori, hiru foru-aldundien parte-hartzearekin. Eraikin horretan dago IBM Quantum System Two ordenagailua, mundu osoan IBMk duen ordenagailu kuantikorik ahaltsuena, Japoniako RIKEN ikerketa-zentroan instalatutakoarekin batera.

Ate irekien jardunaldiei esker, herritarrek ordenagailuaren ezaugarri nagusiak ezagutzeko eta teknologia konplexu horretara modu ulergarri eta hurbilean gerturatzeko aukera izango dute.

Bisita gidatua eta Ikuspegi Kuantikoak erakusketa

Eraikinean zehar egingo den ibilbidean, bisitariek ordenagailu kuantikoaren ezaugarri nagusiei, azpiegiturari, erabilerari eta izan ditzakeen aplikazioei buruzko informazio orokorra jasoko dute. Ibilbidean, halaber, zientzia kuantikoaren bilakaerari buruzko zenbait aipamen historiko egingo dira, eta ordenagailuaren nukleoa goitik ikusteko aukera izango da.

Ordenagailu kuantikoaren ezaugarri nagusiak hobeto ulertzen laguntzeko, Tabakalerak eta Ikerbasquek Ikuspegi Kuantikoak dibulgazio-instalazioa ibilbidean erakustea adostu dute. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2025ean sustatutako proiektua da, eta fisika kuantikoaren funtsezko kontzeptuak esploratzeko aukera eskaintzen du, eduki didaktiko, ikus-entzunezko eta narratiboen bidez.

Ate irekien jardunaldietan parte hartu nahi dutenek webgunearen bidez egin ahal izango dute eskaera https://www.basquequantum.eus/eu/bisita-gidatua-ordenagailu-kuantikora. Plaza kopurua mugatua izango da.