Albisteak ikusi

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak aliantza estrategikoa sinatu dute teknologia kuantikoa bultzatzeko

Uztaila 16, 2025

Elektrizitate konpainia eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi dira ikerketa, garapen teknologikoa eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko, konputazioaren abangoardiarekin lotuta. Iberdrola BasQ -Basque Quantum- ekosistemara batzen den lehen enpresa bihurtu da, berrikuntza aplikazio industrialera bideratzeko helburua duen lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak epe luzerako lankidetza hitzarmena sinatu dute, konputazio kuantikoaren aplikazioa energia-sektoreko hainbat esparrutan ikertzeko, gaitasun teknologiko berriak garatzeko eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko. Akordioa BasQ - Basque Quantum- estrategiaren baitan kokatzen da; Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena da, eta Euskadi teknologia kuantikoetan aitzindari diren Europako nodoetako bat bihurtzea du helburu.

Aliantza honek komunitate zientifiko inplikatuaren eta Iberdrolaren —energia-konpainia global nagusienetako baten— arteko lotura sendo eta iraunkorra ezarri nahi du, sektore gakoak —hala nola energia, mugikortasuna, finantzak edo osasuna— eraldatzeko ahalmena duen teknologia sortzaile baten inguruan.

Akordioaren arabera, Iberdrolak BasQ ekosistemaren barruan Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen konputazio kuantikoaren gaitasunetara sarbidea izango du. Hala, Iberdrola IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoaren Zentroko kide izango da eta Donostian urte amaieran instalatuko den IBM Quantum System Two sistemara sartzeko aukera izango du. Europan IBMren lehen instalazio horietako bat izango da.

IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoaren Zentroko kideek baliabide horiek erabili ahal izango dituzte konputazio kuantikoan espezializatutako lan-indarra prestatzeko, garapen ekonomikoa sustatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren IKUR 2030 planaren baitan teknologia kuantikoen ikuspegia lortzen lagunduko duten algoritmo erabilgarri berriak garatzeko.

Horrez gain, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jardungo dute ikerketa aplikatuko proiektuetan, goi-mailako prestakuntzan eta dibulgazio zientifikoan, konputazio kuantikoaren energia-esparruko aplikazio potentzialetan arreta jarrita. Enpresak startupen, enpresen eta lan-taldeen prestakuntza ekosistemari laguntza emango dio, hala nola urtero eskaintzen diren Quantum Practitioner ikastaroen bidez.

Helburua da BasQ ekosistemako beste eragile publiko eta pribatuekin eta nazioarteko sare zientifikoekin elkarreragitea sustatzea, sinergiak sortzea eta Euskadiren posizionamendua indartzea arlo honetan.

Iberdrolaren kasuan, aliantza honek konpainiaren konpromisoa berresten du berrikuntza teknologikoarekin, energia-ereduaren eraldaketarako bide gisa. Konpainiak konputazio kuantikoaren potentziala aztertzen du sare adimendunak optimizatzeko, eguraldiaren iragarpena hobetzeko, material aurreratuen simulazioa egiteko edo energia-eraginkortasuneko algoritmoak bizkortzeko.

Bestalde, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak akordio honen bidez indartu egiten du zientzia aitzindariaren eta euskal industria-sarearen erronka estrategikoen arteko zubigintzaren rola.

Iberdrolarekin sinatutako akordio hau Eusko Jaurlaritzak BasQ testuinguruan bultzatzen ari den aliantza publiko-pribatuen multzoari gehitzen zaio, eta helburua da Euskadi erreferente bihurtzea Europan zientzia kuantikoan, talentuaren prestakuntzan eta aplikazio industrialetan.

Aliantza estrategiko honek sendotu egiten du zientziaren, enpresaren eta erakundeen arteko ehun kolaboratiboa, eta aurrerapauso erabakigarria da berrikuntza aurreratu, jasangarri eta erronka teknologiko globalekin konektatutako eredurantz.