Euskadi nazioarteko erreferentziazko nodo gisa finkatu da konputazio kuantikoan
Ekaina 01, 2026IBM Quantum sareko nodo nagusiak Donostian bildu dira. BasQ izan da IBMren sareko zazpi hub garrantzitsuenak biltzen dituen topaketaren buru. Eusko Jaurlaritzako Imanol Pradales lehendakariak parte hartu du jardunaldiaren irekiera instituzionalean.
Konputazio kuantikoko nazioarteko erreferentzia-gune gisa finkatu da Euskadi QCC Forumean, BasQ elkarteak antolatuta, gaur Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Foroak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza instituzional nabarmena izan du, Imanol Pradales lehendakaria buru zuela, eta ongietorri instituzionala eskaini die bertaratuei.
Lehendakariarekin batera, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua izan da. Bestetik, hiru Foru Aldundietako eta Estatu Batuetako eta Kanadako enbaxadetako ordezkariak bildu dira, QCC Quantum Forumaren dimentsio instituzionala eta nazioartekoa indartuz.
Lehendakariak, bere hitzaldian, Euskadik teknologia kuantikoen alde egiten duen apustu estrategikoa jarri du balioan, datozen urteetan zientzia, industria eta lurraldeen lehiakortasuna eraldatzeko eremu bat baita. Era berean, adierazi du teknologia horiek garatzeko epe luzerako ikuspegia, nazioarteko lankidetza, talentu oso espezializatua eta lehen mailako azpiegitura zientifiko eta teknologikoak behar direla.
Ildo horretan, QCC Forum bezalako topaketen garrantzia azpimarratu du, Euskadiren nazioarteko posizionamendua indartzeko, BasQ estrategia nodo kuantiko global nagusiekin konektatzeko eta lankidetza zientifiko, teknologiko eta industrialerako aukera berriak sortzeko.
QCC Forum, beraz, mugarri garrantzitsua da Euskadirentzat eta, bereziki, BasQ – Basque Quantum estrategiarentzat. Nazioarteko topaketa hau Donostian egiteak Euskadik ekosistema kuantiko globalaren barruan nodo aktibo gisa duen rola sendotzen du, eta aukera ematen du euskal estrategia IBM Quantum Networkeko nazioarteko erreferentziazko zentro nagusietako batzuekin konektatzeko. Gainera, BasQek zientzia, talentua, azpiegiturak eta industria-berrikuntza antolatzeko duen gaitasuna ikusarazten laguntzen du, herrialde-agenda partekatu baten inguruan.
Foroak IBM Quantum Networkeko ordezkariak eta ikertzaileak bildu ditu, eta truke estrategikorako gune bat sortu du Quantum Computational Centers-etan (QCCs) gaur egun abian dauden jardueren, ekimenen eta lan ildoen inguruan.
Topaketan, parte-hartzaileek nazioarteko ekosistema kuantikoaren garapenari buruzko ikuspegiak partekatu dituzte, beren lan zientifiko/teknikoa balioan jarri dute eta sareko kideen arteko lankidetzarako aukera berriak aztertu dituzte.
Zazpi QCCen topaketa
IBM sarean parte hartzen duten bazkideak, Donostian bildutakoak, konputazioaren eta Teknologia Kuantikoen arloan nazioartean ospe handia duten erakundeak dira: RIKEN (Japonia), Cleveland Clinic (AEB), Rensselaer Polytechnic Institute - RPI (AEB), The University of Tokyo (Japonia), Plateforme d’Innovation Numérique et Quantique du Québec (PINQ²) (Kanada). Era berean, IBM Quantumeko hainbat ordezkari izan dira ekitaldian.
Foroa hiru multzo tematiko handiren inguruan antolatu da. Hala, jardunaldia saio estrategiko batekin hasi da, eta bertan azaldu dute hub bakoitzeko ordezkariek beren ekosistemen bilakaera IBM Quantum Networken barruan, eta beren ingurune instituzional eta erregionaletako antolaketa-ereduak, jarduera-lehentasunak eta posizionamendu-estrategiak partekatu dituzte.
Ondoren, IBMko Strategic Growth & Quantum Partnershipseko zuzendari eta Senior Research Executive Jamie Garciak moderatutako mahai-inguru batean, ekosistema kuantikoa garatzeko funtsezko faktoreak aztertu dira. Eztabaidak hainbat gai izan ditu ardatz, besteak beste, parte-hartze industrialaren sustapena, ikerketaren eta enpresaren arteko lotura eraginkorra, eta QCCentzat balio iraunkorra sortzeko gai diren formatuen diseinua, hezkuntzari eta komunitate-eraikuntzari lotuta.
Arratsaldeko saioa QCCen jarduera zientifikoari buruzkoa izango da oso-osorik, eta beren ikerketa-ildo nagusiak eta lanaren emaitza berrienak aurkeztuko dituzte, truke teknikora eta eztabaida espezializatura bideratutako gune batean.
Jardunaldia amaitzeko, eguneko ikaskuntza nagusiei eta parte hartzen duten nodoen arteko etorkizuneko lankidetza-aukerei buruzko hausnarketa egingo da, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen eta Javier Aizpurua BasQeko zuzendari zientifikoaren eskutik.