BasQ-k nazioarteko proiekzioa indartu du, Cleveland Clinic eta RIKENekin lankidetza estrategikoak sinatuta
Apirila 14, 2026Alzheimerraren aurka borrokatzeko helburuarekin, Biobizkaiak eta Cleveland Clinicek konputazio kuantikoa eta algoritmo kuantikoak baliatuz batu dituzte beraien ahaleginak. Donostia International Physics Centerren (DIPC) eta RIKENen (Japonia) arteko proiektuak IBM System II ordenagailu kuantikoa superordenagailu klasikoekin konbinatuko du, kimikako arazo konplexuei aurre egiteko eta horrela farmako berrien garapena eta material berrien diseinua bultzatzeko.
Basque Quantumek urrats garrantzitsuak ematen jarraitzen du. Bi Joint Global Agreement (JGA) adostu berri dira, inpaktu handiko proiektuetan nazioarteko eragileekin lankidetzan aritzeko akordio estrategikoak, Basque Quantum estrategiaren barruan. Ekimen horien helburua da BasQ eta Euskadi konputazio kuantikoaren abangoardian kokatzea, eta, kasu honetan, erreferentziazko erakundeen laguntza izango dute, hala nola Cleveland Clinic (Estatu Batuak) eta RIKEN (Japonia).
Hain zuzen, formalizatutako akordioetan lankidetza-esparru bat ezarri da da Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuaren eta Cleveland Clinicen artean alde batetik eta Donostia International Physic Centerren (DIPC) eta RIKENen artean bestetik.
IIS Biobizkaia eta Cleveland Clinicen arteko akordioa
Biobizkaiaren eta Cleveland Clinicen arteko lankidetza proiektuak, Quantum-Enhanced Drug Target Discovery for Alzheimer 's Disease (ADQ) izenekoak, konputazio kuantikoa eta algoritmo kuantikoak erabiliko ditu, diana terapeutikoen iragarpena iraultzeko eta, horrela, Alzheimerraren aurkako tratamenduen aurkikuntza bizkortzeko.
Alzheimer gaixotasunak erronka globala izaten jarraitzen du eta bere konplexutasun handiak farmako eraginkorrak garatzea zailtzen du. Gaur egungo ereduek ez dute lortzen gaixotasunean inplikatutako sare biologikoak erabat erreproduzitzea, eta metodo informatiko tradizionalak ez dira nahikoak datuen bolumen handiak eta haien interakzio konplexuak aztertzeko.
Biobizkaiaren eta Cleveland Clinicen arteko lankidetzak frogatu nahi du Teknologia Kuantikoetan oinarritutako farmakoen diseinuaren ikuspegi batek nabarmen bizkortu dezakeela Alzheimerren gaixotasunerako tratamenduen aurkikuntza, eta gaixotasun hori duten milioika lagunen bizitza hobetzeko ahalmena duela.
Cleveland Clinic, egoitza Clevelanden duena (Ohio), irabazi asmorik gabeko zentro mediko akademikoa da, nazioartean ospe handia duena. Arreta klinikoa, ikerketa eta prestakuntza uztartzen ditu, eta teknologia eta metodologia berrien garapenaren abangoardian kokatzen da, batez ere konputazio kuantiko aplikatuaren eta bizitzaren zientzien arloetan.
DIPC eta RIKENen arteko lankidetza
Beyond Jastrow: quantum ansatz design for hybrid QSCI algorithms (BEYOND-J) izena duen DIPCren eta RIKENen arteko lankidetza-proiektuaren helburua da arazo kimiko konplexuei aurre egitea da abangoardiako superkonputazioa eta Donostian berriki instalatutako azpiegitura kuantiko berria (IBM-Basque Country System Two) konbinatuz.
Proiektuaren ardatza algoritmo hibridoak garatzea da, ordenagailu kuantikoak eta superordenagailu klasikoak eraginkortasunez konbinatzeko gai direnak, sistema kimikoak zehaztasun handiz simulatzeko. Ikuspegi horrek aukera ematen du kalkulurik konplexuenak modu adimentsuan banatzeko bi teknologien artean, bakoitzaren indarguneak aprobetxatuz.
Metodologia horri esker, BEYOND-Jk egungo tresnekin lortzea zaila den xehetasun mailarekin karakterizatu nahi ditu konposatu kimikoak, eta horrek eragin nabarmena izan lezake material berrien diseinuan edo farmakoen garapenean.
Proiektua puntako azpiegiturak integratuz gauzatuko da, besteak beste, IBM-Basque Country System Two, DIPCren konputazio zentroa eta nazioarteko baliabideak, hala nola Japoniako IBM sistemak eta RIKENen kokatuta dagoen Fugaku superordenagailua.
RIKEN Japoniako ikerketa erakunderik handiena da eta herrialde osoan zehar banatutako institutu eta zentroak ditu. RIKENeko 3.000 ikertzaile baino gehiagok ehunka ikerketa artikulu argitaratzen dituzte urtero aldizkari zientifiko eta tekniko nagusietan, eta gaur egun nazioarteko erreferentziazko erakundea da konputazio klasikoko eta kuantikoko baliabideak eskala handian integratzeko.